Cristóbal Balenciagari buruzko Nazioarteko II. Biltzarra logo

Cristóbal Balenciagari Buruzko Nazioarteko II. Biltzarra
2025eko urriaren 2an eta 3an

Cristóbal Balenciaga Fundazioak, Cristóbal Balenciagari eta haren lanari buruzko ikerketa sustatzeko, helburu nagusi duen aldetik, jostunari buruzko Nazioarteko Biltzarraren bigarren edizioa antolatu du 2025eko urriaren 2an eta 3an Getariako Cristóbal Balenciaga Museoan.

 

Nazioarteko proiekzioa duen kongresu akademiko honek ikerlan eta proposamen berritzaileak eta kalitatezkoak azaltzeko plataforma bat izan nahi du. Gaia modistaren figura eta legatua izango da, haren alderdi guztietan (pertsonala, enpresakoa, sortzailea, teknikoa, etab.). Orobat, tokia izango dute Balenciagaren testuinguru biografikoa, kulturala eta lanekoa aztertuko dituzten ikerketek ere.

 

Edizio berri honetan Cristóbal Balenciagari buruzko 24 azterlan berritzaile aurkeztuko dira, mundu osoko erakunde akademiko eta ikertzaileengandik jasotako 60 proposamen baino gehiagoren artean aukeratu ondoren.

Egitaraua

Urriak 2, osteguna


09:00 Akreditazioak eta itzulpen-gailuak entregatzea
09:30 Erakundeen ongietorria lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Ibone Bengoetxea Otaolearen eskutik
09:45 Inaugurazio-hitzaldia, Lesley Millerren eskutik

10:30 Museologia
Dohaintzak eta erakusketak
Mahaiaren moderatzailea: Alexandra Palmer
10:35-10:50 A Gift of Affect. Rachel L. Mellon's Donation to the Cristóbal Balenciaga Museum Alba Sanz
10:55-11:10 Wearing Balenciaga: Two Connecticut Clients David E. Lázaro
11:15-11:30 The World of Balenciaga: Reconstructing the Spanish Contribution to the 1974 Exhibition Tommaso Mozzati, Daniele Gennaioli

11:30 Kaferako atsedenaldia

12:00 Komunikazioa
Cristóbal Balenciagaren irudia, modatik harago
Mahaiaren moderatzailea: Simona Segre-Reinach
12:05-12:20 Balenciaga Through the Eyes of His Contemporaries Sara Skillen
12:25-12:40 Cristóbal Balenciaga bajo la lente del No-Do. De la elusión a la propaganda Danny Cruz, Isabel Durante
12:45-13:00 Conceptual Foundations of Cristóbal Balenciaga's Legacy in Disney + Series Gemma Muñoz, Paloma Díaz-Soloaga, Jesús Barrera
13:05-13:20 La figura de Balenciaga a través de sus obituarios en prensa Álvaro Pérez

13:20 Museologiako eta komunikazioko mahaiei galderak

13:40 Goizeko saioaren amaiera

15:00 Itzulpen-gailuak entregatzea

15:00 Diseinua
Sormen-prozesuak, konexioak eta eraginak
Mahaiaren moderatzailea: Emily Brayshaw
15:20-15:35 Dress as Cultural Language. Translational Aspects in Cristóbal Balenciaga's Creative Process Paula Nunes, Isabel Orestes
15:40-15:55 El Fondo Lorenzo Riva en perspectiva Barthesiana Gabriela Muñagorri
16:00-16:15 Balenciaga and Grès. Exploring the Form Anabela Becho
16:20-16:35 Chester Weinberg Kimberly Chrisman-Campbell
16:40-16:55 Balenciaga and Women Fashion Artists in Serbia Stefan Žarić

16:55 Sormen prozesuen eta konexioen inguruko mahaiei galderak

17:15 Hezkuntza
Transmissions hezkuntza-proiektua
Mahaiaren moderatzailea: Jone de Felipe
17:20-17:35 Cristóbal Balenciaga × Central Saint Martins Heather Sproat
17:40-17:55 Transmissions and Iceland University of the Art Katrín M. Káradótti

18:00 Transmissions hezkuntza-proiektuaren erakusketara bisita eta saioaren amaiera streaming bidez

18:30 Jardunaldiaren amaiera. Museoa hustea.

18:45 Gau-ekitaldia museoan
*Aurrez izena eman behar da
18:45 ERAKUSKETEN BISITALDI LIBREA
19:30 KOKTEL AFARIAREN HASIERA
21:30 EKITALDIAREN AMAIERA

Urriak 3, ostirala


09:30 Itzulpen-gailuak entregatzea

10:00 Merkaturatzea eta marka-irudia
Lizentziak eta kopiak. Merkataritza- eta lege-alderdiak
Mahaiaren moderatzailea: Valerie Steele
10:05-10:20 Balenciaga & Italy Isabella Campagnol
10:25-10:40 Cristóbal Balenciaga in Florence. The Forgotten Legacy of Couture Copies Chiara Faggella
10:45-11:00 Balenciaga's Heritage in Italian Fashion. The Federico Forquet and the Roberto Capucci Cases Between Aesthetics and Marketing Sofia Gnoli, Annamaria Esposito
11:05-11:20 Cristóbal Balenciaga and Australia. Importing, Reproducing and Adapting Balenciaga Couture in Sydney, 1938-1968 Alexandra Barter

11:20 Kaferako atsedenaldia

12:00 Markari balioa ematea. Balenciaga etxearen irudia.
Mahaiaren moderatzailea: Carlos Naya
12:05-12:20 Balenciaga y la arquitectura en San Sebastián José Ángel Medina eta Joakin Aramendy
12:25-12:40 Balenciaga Models in the 60s in Paris Alexandra Handjian

12:40 Merkaturatzearen eta marka-irudiaren inguruko mahaiari galderak

13:00 Amaiera, Karena de Perthuisen eskutik

13:45 Jardunaldiaren amaiera

Hizlariak

Urriak 2

Alba Sanz
Edinburgoko Unibertsitatea

Alba Sanz Álvarez doktoregaia da Edinburgoko Unibertsitatean. Haren tesi-proiektua Juliette MacDonalden, Frances Fowleren eta Christopher Brewarden diziplina anitzeko gainbegiradapean egiten ari da, “Donors’ Traces: From Garment to Museum” izenburua du eta objektuak haien etxe instituzional berrietara heltzen direnean hiru moda-bildumatako dohaintza-emaileen historiek duten presentziari eta absentziari buruzkoa da.
Albak bi master ditu: Stockholmeko Unibertsitateko Moda Ikasketen masterra eta Moda Komunikazio eta Marketinekoa. Gainera, Suediako luxuzko modako Acne Studios etxearekin lanean aritu da.
2021etik boluntario-lanetan ibili da, Association of Dress Historians elkartearen konferentzien eta ekitaldien arduradun gisa, haren jarduera guztietan laguntzen eta Batzorde Exekutiboko kide gisa.
David E. (Ned) Lazaro
Wadsworth Atheneum Arte Museoa

David E. (Ned) arropa- eta ehun-kontserbatzaile atxikia da Hartfordeko (Connecticut) Wadsworth Atheneum Museum of Arten. Massachusettseko Unibertsitateko (Amherst) Modaren eta Ehunen Historiako masterra du. Nedek XVII. eta XX. mendeen arteko jantzien historiaren hainbat alderdiren inguruko ikerketak, argitalpenak eta hitzaldiak egin ditu, baita horri buruzko eskolak eman ere. Haren ikerketaren oinarriak diseinuaren historia, modaren estetika eta nortasunaren eraketa dira.
Daniele Gennaioli doktorea
UDIT

Daniele Gennaioli Modaren Historiako irakaslea da, eta UDIT Unibertsitateko Moda Saileko koordinatzailea ere bai. Madrilgo Unibertsitate Politeknikoko Arteko eta Gizarte Zientzietako haren doktore-tesiaren oinarria Espainiako modaren eta Estatu Batuetako aldizkarien artean frankismoan izandako harremana da, eta bereziki garapen-urteetakoa. Hainbat artikulu argitaratu ditu aldizkari akademikoetan, esaterako, ZoneModa Journal, Historia Contemporánea eta Journa of Spanish Cultural Studies aldizkarietan.
Tommaso Mozzatti doktorea
Perugiako Unibertsitatea

Tommaso Mozzati irakasle titularra da Perugiako Unibertsitateko Letren Sailean. Ikerlaria izan da Florentziako Kunsthistorisches Instituten, Madrilgo Velázquezen Etxean, New Yorkeko Metropolitan Museumen eta Villa I Tattin (the Harvard University Center for Italian Renaissance Studies). Haren ikerketaren funtsa hirurogeiko eta hirurogeita hamarreko hamarkaden arteko Espainiako kultur politika da, hau da, desarrollismo betekoa. Gai horren inguruan artikulu ugari argitaratu ditu artearen historiako nazioarteko aldizkarietan, esaterako, Archivo Español de Arte, Sculpture Journal eta Met Bulletin-en.
Sara Skillen doktorea
Portsmoutheko Unibertsitatea

Sara Skillen Kultura Bisualeko irakasle atxikia da Portsmoutheko Unibertsitatean. Moda Ikasketetan doktorea da Stockholmeko Unibertsitateko Centre for Fashion Studiesen. 2011n ohorezko aipamena eskuratu zuen Diseinuaren Historiako eta Kultura Materialeko master batean. Brightoneko Unibertsitatean. Stockholmen bere doktorego-tesirako ikerketa hasi aurretik, Londreseko moda-industrian lanean jardun zen, Deborah Milner modistarekin, Elle eta Wallpaper* aldizkarietan, eta hainbat kapelagilerekin, esaterako, Philip Treacy, Stephen Jones eta Racher Trevor Morganekin. Haren ikerketa-eremuen artean daude XX. mendearen erdialdeko eta amaierako diseinua, bereziki soinekoaren historia eta modaren kultura materiala, baita memoria eta nortasun pertsonalaren bidezko narratiba historikoen eraikuntza ere. Hainbat ikasgai eman ditu graduetan eta masterretan, besteak beste, modaren historia, kultura materiala, modako brandinga, moda garaikidea, moda-hedabideak, moda-zinema, kultura bisuala eta kontsumoaren kultura.
Danny Cruz
Murtziako Unibertsitatea

Danny Cruz Arte Historian graduduna da Murtziako Unibertsitatean, eta Ondare Historiko, Artistiko eta Kulturalaren Ikerketa eta Kudeaketa masterra egin zuen han. Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Ministerioak emandako Elkarlan Beka jaso zuen aipatutako unibertsitatearen Artearen Historiaren Sailean, 2022/2023 ikasturtean. Gaur egun doktoregaia da Murtziako Unibertsitateko Historia, Geografia eta Artearen Historia: Gizartea, Lurraldea eta Ondarea programan, honako tesi honekin: Eszena albaintzea: Cristobal Balenciaga eta zinemarako eta antzerkirako jantzien diseinua. Haren argitalpen berrienek modaren eta zinemaren gurutzaketak jorratzen dituzte, esaterako, honako honek: Ikonoak eraikitzen. Moda-diseinatzaileak eta jantzien diseinua 60ko hamarkadako zineman: Chanel, Givenchy eta Saint Laurent, Alejandría aldizkariaren 3. zenbakian argitaratu zena.
Isabel Durante Asensio doktorea
Murtziako Unibertsitatea

Isabel Durante, Murtziako Unibertsitateko irakasle doktore laguntzailea da, eta Artearen Historiako Saileko idazkaria, komisarioa, kultur kudeatzailea eta Onda Ceroko zinema-kritikoa 1999tik. Haren lan-ildoak praktika eta pentsamendu garaikidean eta zinemaren historian oinarritzen dira, baita historiografia berritzearekin eta emakumea artearen historian sartzearekin lotutako gaietan ere. JCRn indexatutako Imafronte aldizkariko batzorde editorialeko idazkaria eta kidea da, baita UMko argitalpen-zerbitzuko ebaluatzailea ere, aditu moduan; eta beste zeregin batzuetan ere jardun izan da, esaterako, MUBAMeko teknikari, FCPko (Cristobal Gabarrón Museoa) kontserbatzaile, CARMeko Museoetako teknikari aholkulari, eta Nazioarteko ZInema eta Ondare Jaialdiko zuzendariorde gisa.
Gemma Muñoz Domínguez doktorea
Villanueva Unibertsitatea

Gemma Muñoz Domínguez Fashion Brandingeko irakasle elkartua da Villanueva Unibertsitatean. Hamar urteko baino gehiagoko esperientzia du modaren industrian eta publizitatean. Azken urteotan hainbat artikulu akademiko argitaratu ditu ingurune digitaletako marken kosorkuntzari, fashion filmari, marka-ondareari eta traolak marken nortasun-, zabalpen- eta hedapen-elementu gisa erabiltzeari buruz, besteak beste. Halaber, bere jardun akademikoa Madrilgo Complutense Unibertsitateko Komunikazio Aplikatuko Saileko ohorezko kolaboratzaile moduan egiten du, han doktoretza lortu baitzuen 2023an, baita Villanueva Unibertsitateko Modako eta Fenomeno Garaikideetako Ikerketa Zentroko (CIMF) kanpo-ikerlari moduan ere.
Paloma Díaz Soloaga doktorea
Complutense Unibertsitatea

Paloma Díaz Soloaga Aktibo Ukiezinetako eta Modako katedratikoa da Complutense Unibertsitatean. Irakasle bisitaria izan da Harvard Universityn, New Yorkeko FITen, Urbana-Champaigneko Illinoiseko Unibertsitatean eta Glasgowko Caledonian Unibertsitatean. Modaren Komunikazioko eta Kudeaketako Graduko zuzendaria izan zen Villanueva Unibertsitatean 15 urtez baino gehiagoz. Introducción a la cultura organizacional (Síntesis argitaletxea, 2019) eta Comunicación y gestión de marcas de moda (Gustavo Gili argitaletxea, 2014) liburuen egilea da, besteak beste, baita beste 40 artikulu akademiko baino gehiagorena ere. Journal of Fashion Marketing and Managementen editore-kontseiluko kidea da, eta epaimahaia La Jollako, Kanadako eta Madrilgo Fashion Film jaialdietan.
Jesús Barrera López
Villanueva Unibertsitatea

Jesús Barrera Sevillan prestatutako kazetaria da, Komunikazio Korporatibo, Instituzional eta Politikoan espezializatua Madrilgo Complutense Unibertsitatean. Hainbat erakunde pribatutan lan egin du, Sevillako Merkataritza eta Industria Zirkuluko komunikazioa kudeatzen, adibidez, baita hainbat multinazional esanguratsutan ere, esaterako, WPPn eta Llorente y Cuencan. Horrez gain, hedabide arruntetan ere aritu da, irrati-esatari eta elkarrizketetako kolaboratzaile moduan. Gaur egun, Diario Hérculeseko erredaktorea eta atalburua da. Lan horiekin batera, doktore aurreko ikerlari ere jarduten du, Komunikazioko eta Modako tesia egiten ari baita Paloma Díaz Soloaga eta María Villanueva Cobo del Prado doktoreen zuzendaritzapean. Horrez gain, Villanueva Unibertsitateko Modaren eta Fenomeno Garaikideen Ikerketa Zentroan (CIMF) kanpo-laguntzaile gisa ere aritzen da.
Álvaro Pérez doktorea
Francisco de Vitoria Unibertsitatea

Álvaro Pérez Álvarez irakasle ikertzailea da Francisco de Vitoria Unibertsitatean. Komunikazioan doktorea da, eta Kazetaritza eta Filosofiako lizentziaduna Nafarroako Unibertsitatean; Montevideoko Unibertsitateko (Uruguai) Komunikazio Fakultateko dekanoa ere izan zen 2018 eta 2025 artean. Haren ikerketa-ildoa kazetaritza narratiboan oinarritzen da, eta arreta berezia jartzen du Manuel Chaves Nogales (Sevilla, 1897 - Londres, 1944) kazetariaren figuran, profil biografikoaren generoan eta biografia berrian. Artikulu ugari argitaratu ditu aldizkari espezializatuetan, eta hitzaldiak egin ditu gai horien inguruko nazioarteko kongresuetan.
Paula Nunes Rodrigues da Silva
Mackenzie Unibertsitate Presbiterianoa (UPM)

Paula Nunes Rodrigues da Silva Kazetaritzako lizentziaduna da, São Pauloko (Brasil) Mckenzie Unibertsitate Presbiterianoan, eta gaur egun Hezkuntza, Arte eta Historia Kulturaleko master bat egiten ari da unibertsitate berean. Haren tesia Cristobal Balenciagaren sorkuntza-prozesua aztertzean datza, baita haren sorkuntzen alderdi kultural, artistikoa eta komunikatibo konplexuak esploratzean ere. Ikerlari ikaslea da Hizkuntza, Identitatea, Gizartea: Hedabideei buruzko ikasketak ikerketa-taldean, Brasilgo Garapen Zientifiko eta Teknologikoko Kontseilu Nazionalari (CNPq) eta UPMri lotutakoan.
Isabel Orestes Silveira doktorea
Mackenzie Unibertsitate Presbiterianoa (UPM)

Isabel Orestes Komunikazioan eta Semiotikan doktorea da São Pauloko Unibertsitate Katoliko Pontifikalean (2010), Arte Bisualetako masterra egin zuen São Pauloko Estatu Unibertsitatean (2006), eta Pedagogian lizentziaduna eta diplomaduna da São Marcos Unibertsitatean (1990), baita Hezkuntzan lizentziaduna ere Mackenzie Unibertsitatea Presbiterianoan – UPM (1995). Gainera, Artearen eta Komunikazioaren Funts Psikopedagogikoetan espezializazio bat du, UPMn (2003).
UPMn irakaslea da 1986tik, eta egun Hezkuntza, Arte eta Historia Kulturaleko graduondoko programari atxikita dago. Irakaslea ere bada, Paulus College of Technology and Communicationeko (FAPCOM) Komunikazio Sailean, 2008tik. Brasilgo Garapen Zientifiko eta Teknologikoko Kontseilu Nazionalari (CNPq) eta UPMri lotutako Hizkuntza, Identitatea, Gizartea: Hedabideei buruzko ikasketak ikerketa-taldeko gidaria eta ikertzailea da.
Gabriela Muñagorri doktorea
Mackenzie Unibertsitate Presbiterianoa (UPM)

Gabriela Muñagorri irakasle laguntzaile doktorea da Leioako Arte Ederren Fakultatean (EHU). Artista eta diseinatzailea da, eta esperientzia du modarekin lotutako irakaskuntzan: 2004-2009 LCI Bartzelona Diseinuko Goi Eskolan; 2012 Cristobal Balenciaga Museoan (CBM); 2012 eta 2013 Donostiako Artelekun; eta 2014-2015 CreaNavarra Iruñeko Ikasketen Zentroan. Haren argitalpenen artean, azpimarratzekoak dira honako hauek: “Real clothing and Performativity. An extension of Roland Barthes”, Fashion through History: Costumes, Symbols, Communication (II. bolumena), Cambridge Scholars Publishing, Erresuma Batua (2017); “Cristóbal Balenciaga’s transformations of 1967. The power of subversive practice”, La Forza della moda. Potere, rappresentazione, comunicazione. Erroma: Edizioni Nuova Cultura. Eta “Contemplating a legacy: Cristóbal Balenciaga and the work of Nicolas Ghesquière”, First International Cristóbal Balenciaga Conference Proceedings. Getaria: CBM., 2021.
Anabela Becho doktorea
Arkitektura Fakultatea, Lisboako Unibertsitatea

Anabela Becho moda-historialaria, komisarioa, ikerlaria eta irakaslea da, Lisboan (Portugal) bizi dena. Diseinuan doktorea da (modako espezializazioan) eta Pinturako masterra eta lizentzia ditu, baita Moda Diseinuko titulazio bat ere. Moda Diseinuko Kritikako irakaslea da Lisboako Unibertsitateko Arkitektura Fakultatean, eta esperientzia zabala du modaren eremuari aplikatutako museologian.
Modari eta arteari buruz idazten du, eta hainbat argitalpenetan laguntzaile aritu da, esaterako, Expresso, Electra, Vogue, Relance, Elle eta Blitz-en. Haren ikerketaren berri ematen du, aldizka, nazioarteko kongresuetan. Viver a sua Vida, Georges Dambier e a Moda / Vivre sa vie, Georges Dambier et la mode erakusketaren eta liburuaren egilea da (Direção Geral do Património Cultural, 2022), baita hainbat artikulurena eta liburu-kapitulurena ere, esaterako, honako hauena: “Kindred Spirits: The Radical Poetry of Japanese and Belgian Designers”, Fashion Game Changers Reinventing the 20th Century Silhouette (Bloomsbury, 2016). “Suspending Time: Matter and Memory in Madame Grès’ Pleating Technique”, Fashion Theory (Taylor & Francis, 2024) artikulua argitaratu zuen duela gutxi.
Kimberly Chrisman-Campbell doktorea
Ikerlari independentea

Kimberly Chrisman-Campbell Los Angelesen bizi den moda-historialaria, komisarioa eta kazetaria da. Honako hauen egilea da: Fashion Victims: Dress at the Court of Louis XVI and Marie-Antoinette (Yale, 2015), Worn on This Day: The Clothes That Made History (Running Press, 2019), The Way We Wed: A Global History of Wedding Fashion (Running Press, 2020), Red, White, and Blue on the Runway: The 1968 White House Fashion Show and the Politics of American Style (Kent State University Press, 2022), eta Skirts: Fashioning Modern Femininity in the 20th Century (St. Martin’s Press, 2022).
Modaz, arteaz eta kulturaz idatzi du The Atlantic, The Washington Post, Politico, Slate eta The Wall Street Journalen. Gaur egun Chester Weinbergen biografia batean ari da lanean, National Endowment for the Humanitiesen Public Scholars programaren laguntzarekin.
Stefan Žarić
Novi Sadeko Unibertsitatea

Stefan Žarić doktoregaia da Novi Sadeko Unibertsitatean, Serbian, eta Fullbright bekadun ohia Massachusettseko Unibertsitatean, Modaren Historian. Gaur egun, ICOMeko Jantzi Batzordeko kidea da, eta modaren historiaren arloko kolaboratzailea ere bai ELLE Serbian. Goi-joskintzako lehen erakusketaren komisario izan da Serbian (Jean Paul Gaultier) eta Serbiako moda-ikasketak ikertzen aritzen da, baita Serbiaren eta Mendebaldearen moda-truke historikoa ere, bereziki Aro Modernoa hasieraren eta egungo aroaren arteari erreparatuz. Shakespeareren Tragedia handietako modaren historiari buruzko doktoretza egin aurretik, Stefanek modaren historian ikasketak egin eta haietan espezializatu zen, eta irakasle aritu zen gero; gainera, modako komisario lanetan ere ibili zen Jugoslavia zaharreko eta Balkanen eskualdeko, AEBetako, Estoniako, Erresuma Batuko eta Japoniako unibertsitate eta museoetan.
Heather Sproat
Central Saint Martins, UAL

Emakumezkoen Moda Diseinuko espezialitatearen arduraduna denez, Heather Sproatek ikastaroa kudeatzen du eta bigarren eta azken urteko ikasleen tutore aritzen da Central Saint Martinsen (UAL). Hainbat ikerketa-proiekturen sormen-zuzendaria izan da Penhaligon’s, Bulgari, Sephora, Paul Frank eta Diadora etxeetan. Ikasleen proiektuetan ere lan egin du Louis Vuitton, Dior, Céline, Mulberry, Canada Goose, Nike etxeekin, Victoria & Albert Museumekin eta Cristobal Balenciaga museoarekin. Irakasle elkartua izan zen CSMn, zazpi urtez, harik eta espezialitateko arduradun izendatu zuten arte, eta 24 urte daramatza erakunde horretan irakasle lanetan. Diseinatzaile aritu da Parisen, Louis Vuittonen, eta horren aurretik goi-joskintzako ikasketak egin zituen Christian Diorren, Parisen horiek ere. Falmouth eta Limerickeko unibertsitateetako moda-ikastaroetako kanpo-aztertzailea izan da. Phaidonek 2013an argitaratutako Pattern liburuko kapitulu bat idatzi zuen, eta Stingrerrek 2016an argitaratutako Teaching Sustainability at Higher Education Level liburuan beste bat.
Katrín María Káradóttir
Arteen Islandiako Unibertsitatea

Katrín María Káradóttirrek prestakuntza akademikoa du joskintzan eta jantzigintzan, eta moda-diseinua ikasi zuen Parisen. Ham, gainera, esperientzia profesionala lortu zuen John Galliano eta Lutz Huelle etxeetan, besteak beste. Katrín aitzindaria da Islandian moda jasangarriaren alorrean, eta 2013an Indriði saria irabazi zuen, Islandiako Moda Diseinatzaileen Elkarteak kalitatea eta bikaintasuna aintzatesteko ematen duena, ELLAn egindako lanagatik. 20 urtez aritu da irakasle-lanetan, master bat du Arte Hezkuntzan, eta haren ikerketa artisautzan, jasangarritasunean eta goi-mailako hezkuntzan oinarritzen du. Gaur egun, Islandiako Reykjavikeko Arte Unibertsitateko irakaslea da, Moda Diseinukoa eta Modaren Historiakoa.

Urriak 3

Isabella Campagnol
Instituto Marangoni

Isabella Campagnol modaren eta ehunen historian espezializatutako historialaria da. Rubelliko Bilduma Historikoaren eta Artxiboen kontserbatzailea izan zen, Venezian, 2006 eta 2014 artean. Milango Marangoni Institutuan 2015ean hasi zuen jarduna, eta han dihardu Modaren Historiako eskolak ematen. Honako hauen egilea da: Style from the Nile. Egyptomania in Fashion from the 18th century to the contemporary (Barnsley: Pen & Sword, 2022) eta Invisible Luxuries. Forbidden Fashions in Venetian Monasteries from the 15th to the 18th Century (Costume Society of America Series, Lubbock: Texas Tech University Press, 2014).

Iruzkina The New York Timesen: www.nytimes.com/2013/09/24/fashion/Fashion-in-the-Venetian-Convents-of-Old
Dra. Chiara Faggella
Lundeko Unibertsitatea; Syracuseko Unibertsitatea

Chiara Faggella moda historialaria da, Italiako moda-industrian eta gerraosteko haren konexio transnazionaletan espezializatua. Visiting Fellow izan zen Florentziako Institutu Europar Unibertsitarioan (2019-2020), eta doktoretza ondoko ikerlaria ere bai Milango Politeknikoan (2021-2022). 2013 eta 2022 artean moda-ikasketetako irakasle atxikia izan zen Stockholmeko Unibertsitatean. Gaur egun Italiako modaren kulturako irakaslea da Lundeko (Suedia) eta Syracuseko (Florentzia) unibertsitateetan. Duela gutxi Salvatore Ferragamo 1898-1960 erakusketan eta katalogoan kolaboratzaile aritu da, eta L’Italia al lavoro bolumenaren editorekide izan da, Paola Corderarekin batera (2023). Haren hurrengo liburua, Becoming Couture: The Italian Fashion Industry after the Second World War, Manchester University Pressek argitaratuko du.
Sofia Gnoli doktorea
Komunikazio, Arte eta Hedabide Saila, IULM (Milan)

Sofia Gnoli irakasle elkartua da Milango IULM Unibertsitatean, Modaren Historia, Ekitaldien Soziologia eta Industria Sortzaileetako Artxiboak ikasgaietakoa. Ikasketa Bisualen eta Hedabideen Ikasketen doktoretzako batzordeko kidea ere bada. Repubblica, La Stampa, Il Venerdì eta Vogue Italia argitalpenetan idazten du. Hainbat artxibo historikotako komisarioa izan da, besteak beste, Federico Forquetenarena. Telebistako hainbat dokumentaletan kolaboratzaile aritu da, esaterako, Moda: una rivoluzione italianan (Sky Original, 2024). Rara Avis. Moda in volo alle Uccelliere Farnesiane erakusketaren komisarioa izan zen Parco Archeologico del Colosseo-n. Egindako argitalpenen artean, azpimarratzekoak dira honako hauek: Moda. Dalla nascita della haute-couture a oggi (Carocci, 2020) eta The Origins of Italian Fashion 1900-1945 (V&A Publishing, 2014). Haren ikerketa-lerro nagusien artean daude modaren historia, moda eta komunikazioa, modaren soziologia, ondarea eta moda-kazetaritza.
Annamaria Esposito doktorea
Enpresa, Zuzenbide, Ekonomia eta Kontsumitzailearen Jokabide Saila, IULM Unibertsitatea

Annamaria Esposito Kudeaketako irakasle elkartua da IULM Unibertsitateko (Milan) Arte, Moda eta Turismo Fakultateko Enpresa, Zuzenbide, Ekonomia eta Kontsumo Sailean. Modaren Marketina eta Diseinua, Ekitaldien Kudeaketa eta Marketina eta Komunikazioa ematen ditu. Komunikazio, Merkatu eta Gizarte doktoretzako irakaskuntza-batzordeko kidea da, baita IULM Unibertsitateko Laneko Harremanetako eta Komunikazioetako Zentroko batzorde zientifikokoa, Ekonomia Aplikatuko Nazioarteko Konferentziakoa eta IULM Milan Virtual Museum and Memory: Destruction, Reconstruction, and Recovery proiektukoa ere. Ebaluatzaile-lanetan aritu da hainbat aldizkari akademiko nazional eta nazioartekoetarako. Haren ikerketa-lerro nagusiak marketina eta moda-komunikazioa, ondarearen marketina, luxuzko ondasunen eta zerbitzuen marketina, museoen marketina eta kudeaketa eta ekitaldien marketina dira.
Alexandra Barter
UTS University of Technology, Sydney

Alexandra Barter diseinatzailea eta ikertzailea da, eta bokazio handia du joskintzarako, artisau-ehunetarako eta tokiko ekoizpenerako. Enpresa Ikasketak eta Europar Ikasketak egin zituen UTSn, eta, gero, Europan aritu zen lanean Sydney Institute of Technology-n Moda Diseinua ikastera Australiara joan aurretik. Bere emakumeentzako moda-marka independentea garatu ondoren Kanbodiara joan zen, artisau-boutique bat zabaldu zuen han, eta barne-programa bat sortu zuen emakume gazteei patroigintza eta jantzigintza irakasteko. 2019an Londresera joan zen, London College of Fashion-eko masterra egitera, eta Distinction kalifikazioa lortu zuen Europako patroigintza-tekniken egokitzapenari eta Australiako gerraosteko fabrikatzaileen goi-joskintzako jantzigintzari buruzko ikerketagatik. Gaur egun, ikerketa-lerro horri berriz heltzeko prestatzen ari da, UTSko doktoretza-proiekturako, zeina 2024ko azaroan hasiko baitu.
José Ángel Medina doktorea
Arkitektura Eskola, Nafarroako Unibertsitatea

José Ángel Medina Murua arkitekto doktorea da. Irakaslea da, eta Nafarroako Unibertsitateko Arkitekturako Goi Eskola Teknikoko zuzendari ohia ere bai. Arkitekto-lanetan dihardu, eta Donostian dagoen Arkitekturako Euskal Institutuko zuzendaria da gaur egun. Aditua da José Manuel Aizpurua arkitektoaren figuran eta estatuko eta, bereziki Euskal Herriko 30eko hamarkadako abangoardiako mugimenduetan.
Joakin Aramendy
Arkitektura Eskola, Nafarroako Unibertsitatea

Joakin Aramendy Arkitekturako Unibertsitate Masterreko ikaslea da (titulazio gaitzailea) Nafarroako Unibertsitatearen Madrilgo campusean. José Ángel Medina Muruaren zuzendaritzapean egin zuen Gradu Amaierako Lana, honako izenburu hau zeramana: Espazioa jostea: Cristobal Balenciagaren Donostiako lantegiei buruzko azterlana.
Alexandra Handjian
Ikerlari independentea

Alexandra Hanjan Michèle eta Armand Handjianen alaba da, biak ala biak hirurogeiko hamarkadan modaren industriari lotutakoak. Ehun eta bilduma artean hazi zen. Aitak 1956an luxuzkoprêt-à-porter jantzi-etxe bat sortu zuen. Ama goi-joskintzako etxeentzako modeloa izan zen 1956 eta 1966 artean; hasieran, Bruyèrerentzat egin zuen lan eta, gero, Ungaro, Courrèges eta, azpimarratzekoa denez, Balenciagarentzat (1959-1963ko ekaina). Enpresen Kudeaketako master bat eskuratu zuen Sorbonan (1992), eta University of Cambridge Instituteren Sustainable Business Management alorreko ziurtagiri bat ere bai (2024). 25 urtez bankari pribatu lanetan aritu da. Haren ikerketaren helburua da Balenciagaren sorkuntzak eta ideiak biziarazten zituzten (rendre vivant) modeloen lana eta bizitza argitara ekartzea. Jostunaren jantziak nahikoa ospetsuak izanik ere, haiekin modelo jardun zirenek ikusezin izaten jarraitzen dute. Handijanen helburua da hirurogeiko hamarkadako testuinguruan haien istorioak berreskuratzea eta cabineko giroan izan zituzten adiskidantzei eta esperientziei balioa aitortzea.

Batzorde Zientifikoa

Miren Arzalluz doktorea
Guggenheim Bilbao Museoa

 

Miren Arzalluz Historian lizentziatu zen Deustuko Unibertsitatean, Politika Konparatuaren masterra egin zuen London School of Economics unibertsitatean, bai eta Artearen Historiako masterra ere, Jantziaren Historian espezializatuta, Courtauld Institute of Art institutuan. 2021ean amaitu zuen doktoretza Deustuko Unibertsitatean. Bere ikerketan, euskal kostaldeko modaren sorrera aztertu zuen, eremu hori udako nazioarteko helmuga turistiko gisa garatzeko funtsezko faktore gisa, eta Gabrielle Chanel eta Cristóbal Balenciaga jostunek testuinguru horretan izan zuten funtsezko rola jorratu zuen.

 

Cristóbal Balenciaga Fundazioaren bildumen eta erakusketen arduraduna izan zen 2006 eta 2013 artean, eta Cristóbal Balenciaga. La forja del maestro (1895-1936) liburua argitaratu zuen garai berean. 2013 eta 2017 artean komisario eta ikertzaile independente gisa egin zuen lan, eta Parisko Palais Galliera eta Anberesko Mode Museum museoekin lankidetzan aritu zen, besteak beste.

 

2018ko urtarrilean, Parisko Palais Galliera modaren museoko zuzendari bihurtu zen, eta haren berrikuntza handia gidatu zuen. 2024an, Guggenheim Bilbao Museoaren patronatuak zuzendari izendatu zuen, Juan Ignacio Vidarte ordezkatzeko, hura 2025eko apirilean erretiratu ondoren.






Ana Balda doktorea
Nafarroako Unibertsitatea

 

Ana Balda irakasle titularra da (ANECA agentziak 2024an ofizialki egiaztatua). 2013tik, irakasle elkartua da Nafarroako Unibertsitateko Komunikazio Fakultatean, eta Modaren Historia eta Ilustrazioa eta Modako Argazkilaritza irakasgaiak ematen ditu han.

 

2013an amaitu zuen Balenciaga etxearen 1937-1968 aldiko komunikazioari buruzko doktoretza eta, ordutik, euskal diseinatzailearen bizitza, obra eta testuingurua ikertzen jarraitu du. Ikerketa-lan horren ondorioz, komisario izan da hainbat erakusketatan, eta zenbait artikulu argitaratu ditu aldizkari akademikoetan eta liburu espezializatuetan.

 

María Kublinekin batera, Kublin-Balenciaga. A Fashion Record (Thames & Hudson, 2024) liburua idatzi du.






Emily Brayshaw doktorea
University of Technology, Sydney

 

Emily Brayshaw ezaguna da nazioartean modaren eta jantzi eszenikoen kultura bisualaren inguruan egin duen lanagatik. Ohorezko ikertzailea da University of Technology Sydney unibertsitatean.

 

Haren diziplinarteko ikerketak moda kritikoaren eta jantzi eszenikoen iragana, oraina eta etorkizuna aztertzen ditu, arreta berezia jarrita identitateetan, luxuan, jantzi materialetan, gorpuztasunean eta XIX. mendetik gaur arte erabili diren diseinu-metodologietan.

 

Aldi berean, Emily lankidetza aktiboan aritzen da arlo artistikoarekin Sydneyn; han, diseinatzaile lanetan aritzen da antzerki-ekoizpen oso ospetsuetan.






Sophie Kurkdjian doktorea
American University of Paris

 

Sophie Kurkdjian irakasleak jantzien eta modaren historia kultural eta sozialari buruzko eskolak ematen ditu American University of Paris unibertsitatean, 2020ko irailetik. Ikertzaile elkartua da Institut d’histoire du temps présent (CNRS) erakundean 2012tik; han, modaren historia kulturalari buruzko ikerketako mintegi bat antolatzen du.

 

2018an, Culture(s) de Mode ikerketa-sarea sortu zuen, Frantziako Kultura Ministerioarekin lankidetzan. Komisario gisa, 2017an Mode & Femmes, 14-18 erakusketa antolatu zuen Parisko Forney liburutegian.

 

Historia kulturalari buruzko ikasketak amaitu ondoren, doktoretza lortu zuen 2013an, XX. mendearen hasierako modako egunkarien eta argitaletxeen inguruko tesi batekin. Parisek 1858 eta 1947 artean “modaren hiriburu” gisa izan zuen estatusaren eraikuntza historikoari buruzko ikerketa-proiektu bat egin ondoren, gaur egun 1880 eta 1940 bitarteko jantzien eta modaren industriako lanaren eta emakume langileen historia ari da jorratzen.






Lesley E. Miller
University of Glasgow

 

Lesley E. Miller Jantzien eta Ehunen Historiako irakaslea da Glasgowko Unibertsitatean, 2013tik. 2005 eta 2021 artean, Ehunen eta Jantzien kontserbatzaile nagusia izan zen Londresko Victoria & Albert Museum museoko Altzari, Ehun eta Moda Sailean.

 

Balenciagari buruz idatzi zuen lehen liburua 1993an argitaratu zen, eta bigarren edizioa goitik behera orraztu zuten Balenciaga: Shaping Fashion (V&A, 2016-2017) erakusketarekin batera argitaratzeko, komisario aholkulari gisa aritu baitzen horretan.

 

Gaur egun, Frantziako eta Espainiako XVIII. mendeko zeten diseinuari eta salmentari buruzko ikerketa bat ari da egiten, hura baita bere hurrengo monografiaren gai nagusia.






Carlos Naya doktorea
Nafarroako Unibertsitatea

 

Carlos Naya Nafarroako Unibertsitateko Arkitektura Eskolako dekanoa da 2021etik. Doktoretzako Sari Berezia eman zioten XX. mendeko arte-abangoardien idazki eta adierazpen nagusiei buruz egin zuen ikerketa teorikoagatik.

 

Ikertzaile bisitaria izan zen Columbia Unibertsitateko GSAPP eskolan (New York, 2007-2008), zeinetan lankidetzan aritu baitzen arkitekturako zenbait teorialari ospetsurekin, esaterako, Kenneth Framptonekin, Mark Wigleyrekin eta Joan Ockmanekin. Eskolak eman ditu ISEM Fashion Business School erakundean (Nafarroako Unibertsitatea, Madril), baita Europako eta Amerikako zenbait arkitektura eskolatan ere, besteak beste, Londresko Architectural Association School of Architecture delakoan.

 

Gaur egun, lankidetzan aritzen da London College of Fashion erakundearekin (UAL, Londres), nazioarteko master bat antolatzen.






Alexandra Palmer doktorea
Torontoko Unibertsitatea

 

2003tik, Alexandra Palmerrek ehungintzaren eta modaren historiari buruzko eskolak ematen ditu Torontoko Unibertsitatean, Artearen Historiako Departamentuan. Gaur egun, klima-aldaketak ehungintzan eta modan duen inpaktua aztertzen du. Aurretiaz, Ontarioko Errege Museoko (ROM) Nora E. Vaughan kontserbatzaile buru izan zen. Han, mendebaldeko ehungintzako eta modako 45.000 piezako bilduma batez arduratu zen.

 

Liburu saritu hauek editatu eta idatzi ditu: Dior: A New Look, A New Enterprise (V&A 2009, 2019an berrikusia), eta haren itzulpena, Christian Dior visionnaire: 1947-1957 (Martiniere Bl 2024); Christian Dior, History & Modernity 1947-1957, (Hirmer 2018) eta Couture & Commerce: The transatlantic fashion trade in the 1950s, (University of British Columbia Press 2001). Gaur egun, Alexandra modaren bizitza luzeari buruzko liburu bat idazten ari da.

 

2023an Chevalier dans l’Ordre des Palmes Académiques (Palma Akademikoen ordenako zaldun) izendatu zuten, Frantziako kulturari egindako ekarpenagatik.






Elisa Palomino doktorea
Smithsonian Arctic Studies Center

 

Elisa Palominok 25 urteko esperientzia du John Galliano, Christian Dior, Moschino, Roberto Cavalli eta luxuzko beste hainbat markarentzat diseinatzen, eta zubiak eraikitzen ditu modaren, hezkuntzaren eta antropologiaren artean.

 

Antropologian eta Moda Jasangarrian doktoretza egin zuen London College of Fashion eskolan, hitzaldiak ematen ditu nazioartean eta hamarkada batez Fashion Print arloko zuzendaria izan zen Central Saint Martins unibertsitatean.

 

Arrakastaz gidatu ditu Europar Batasunak finantzatutako zenbait proiektu, esaterako, Horizon 2020 programako FishSkin delakoa, eta ospe handiko zenbait beka jaso ditu, besteak beste, Fulbright, Kluge Fellowship Kongresuko Liburutegian, Zientziaren Historiako Max Planck Institutuarena, Fondazione Cini fundazioarena, Florentziako Kunsthistorisches Institut delakoarena, Max-Planck Institute elkartearena eta ANAMED erakundearena.

 

Gaur egun ikertzaile elkartua da Smithsonian Arctic Studies Center erakundean, zeinetan Artikoko moda indigenan espezializatzen ari baita. Gainera, Cristóbal Balenciaga Fundazioaren hezkuntza-arloko aholkularia da, bai eta Cristóbal Balenciaga Museum Transmissions hezkuntza-programaren sortzaileetako bat ere.






Karena De Perthuis
Western Sydney University

 

Karena De Perthuis irakasle titularra da Western Sydney University unibertsitateko School of Humanities and Communication Arts eskolan, eta International Journal of Fashion Studies aldizkariko editore burua.

 

Haren ikerketak modaren, hedabideen eta gorputzaren arteko elkargunea aztertzen du. Haren azken argitalpenen artean askotariko lanak aurki daitezke: modako argazkigintza, modaren performatibitatea, modaren utopiak, Instagrameko eragin-sortzaileak eta Tilda Swintonen bizitza jorratzen dituztenak, besteak beste.

 

Gaur egun, The Fashionable Ideal: Undoing Bodies and Images in Fashion izeneko monografia batean ari da lanean, eta 2024an argitaratuko du Bloomsbury argitaletxeak.






Véronique Pouillard doktorea
Osloko Unibertsitatea

 

Véronique Pouillard doktorea katedratikoa da Osloko Unibertsitateko Arkeologia, Kontserbazio eta Historia Sailean. Bere ikerketa-lanean, enpresen eta ekonomiaren historia jorratzen du, arreta berezia jarrita hedabideetan, luxuan, manufaktura-industrian eta jabetza intelektualeko eskubideen historian. Hain zuzen, gai horiei buruzko zenbait liburu eta artikulu argitaratu ditu.

 

Paris to New York: The Transatlantic Fashion Industry in the Twentieth Century (Harvard University Press, 2021) liburuaren egilea eta The Oxford Handbook of Luxury Business (Oxford University Press, 2021) eskuliburuaren argitaratzaileetako bat da.

 

Ikertzaile nagusia izan da Zientziaren aldeko Europako Fundazioak finantzatutako HERA II The Enterprise of Culture proiektuan, bai eta diziplinaz gaindiko UiO:Norden (2017-2019) ekimenak sustatutako Nordic Branding proiektuaren lau koordinatzaileetako bat ere.

 

Gaur egun, ERC Consolidator (Grant 818523) programak finantzatutako CREATIVE IPR – The History of Intellectual Property Rights in the Creative Industries (2019-2025) proiektua zuzentzen du. Liburu berri bat idazten ari da nazioartekotzearen historiari eta jabetza intelektualaren kolonizazioari buruz.






Giorgio Riello doktorea
European University Institute, Fiesole

 

Giorgio Riello Aro Modernoaren Mundu Historiako irakaslea da Fiesoleko (Italia) European University Institute erakundean. Halaber, Historia eta Munduko Kultura irakasten du Warwickeko Unibertsitatean, Erresuma Batuan (gaur egun eszedentzian dago).

 

Liburu hauek idatzi ditu: A Foot in the Past (2006), Cotton: The Fabric that Made the Modern World (2013), Luxury: A Rich History (2016, P. McNeilekin batera idatzia), Back in Fashion: Western Fashion from the Middle Ages to the Present (2020) eta Tutte le perle del mondo (2023, M.G. Muzzarellirekin eta L. Molarekin batera idatzia).

 

Era berean, beste hauen argitaratzaileetako bat izan da: The Right to Dress: Sumptuary in a Global Perspective (2019), Dressing Global Bodies (2020) eta The Cambridge Global History of Fashion (2 liburuki, 2023).






Simona Maria Segre-Reinach doktorea
Boloniako Unibertsitatea

 

Simona Segre-Reinach moda ikasketetako irakasle titularra da Boloniako Unibertsitatean. Asko idatzi du modari buruz, mundu-mailako ikuspegi batetik.

 

Hona hemen bere azken argitalpenetako batzuk: Fashion in Multiple Chinas. Chinese Styles in the Transglobal Landscape (2019), Biki. French Visions for Italian Fashion (2019) eta Per un vestire gentile. Moda e liberación animale (2022).

 

Fashion Theory eta Critical Studies in Fashion and Beauty aldizkarietako argitaratze-batzordeko kideetako bat da.






Valerie Steele doktorea
Fashion Institute of Technology

 

Valerie Steele zuzendaria eta kontserbatzaile burua da Fashion Institute of Technology (FIT) museoan, zeinetan 25 erakusketa baino gehiago antolatu baititu 1997tik.

 

Guzira 30 liburu baino gehiago idatzi eta argitaratu ditu, eta txinerara, frantsesera, alemanera, italierara, portugesera, errusierara eta espainierara itzuli dira. Gainera, Fashion Theoryren: The Journal of Dress, Body & Culture modako ikasketei buruzko lehen aldizkari akademikoaren sortzailea eta editore burua da.

 

2014tik gaur arte The Business of Fashion 500 zerrendan dago, modaren mundu-mailako industria moldatzen ari diren pertsonetako bat den aldetik.






Igor Uria
Cristóbal Balenciaga Museoa

 

Igor Uria Arte Ederretan lizentziatu zen Euskal Herriko Unibertsitatean, eta Kontserbazioan eta Zaharberritzean espezializatu zen. Espezializatzeko ikasketak egin ditu Deustuko eta Alcalá de Henaresko unibertsitateetan, zenbait ikastaro Lyongo CIETA zentroan, eta Curating Fashion and Dress ikastaroa Londresko V&A International Training Course delakoan.

 

2004tik Cristóbal Balenciaga Fundazioko Kontserbazio eta Erregistro Saileko arduraduna izan zen. Gaur egun, Cristóbal Balenciaga Museoko Bildumen zuzendaria da 2014tik, eta erakundean aurkeztutako erakusketa gehienen komisarioa izan da.

Book of Abstracts eta Informazio erabilgarria

Kontaktua

Aldamar Parkea, 6

20808 Getaria, Gipuzkoa

E-posta: info@cristobalbalenciagamuseoa.com

Telefonoa: + 34 943 00 88 40

www.cristobalbalenciagamuseoa.com